Logo Conservatorio de Vitoria

Conservatorio de Música
"Jesús Guridi"
Musika Kontserbatorioa

logoFacebook945 28 24 00

Elektroakustika Laborategia

Elektroakustika Laborategia

Musika Elektroakustikoko Laborategia- 25 urte

Musika Elektroakustikoko Laborategia 1985. urtean sortu zen Vitoria-Gasteizko Jesús Guridi Musika Kontserbatorioaren eraikin berrian. Zentroko zuzendaria zenak, Carmelo A. Bernaola konpositoreak, sustatu zuen aipatutako Laborategia eta giltzarria izan zen hirian zein ingurunean musika elektroakustikoaren garapenerako. Aldi berean, lehen urratsa izan zen espezialitate hori Konposizio zein Instrumentazio eskoletan sartzeko. Irakaskuntza horiek ikasketa-planetan ezartzea esperientzia aitzindari izan zen herrialdean. Laborategiaren lehen etapa prestakuntza akademikoan (elektroakustika, Akustika Musikala, teknologia berriak, soinu artxiboa, etab.) eta zabalkuntzan oinarritu zen. 1987. urtean Vitoria-Gasteizko Musika Elektroakustikoko Lehen jardunaldiak burutu ziren.

Laborategiaren ekoizpenari dagokionez, lehenengo urrats garrantzitsuak Bingen Mendizábal eta Sofía Martínez konpositoreen musika elektroakustiko mistoko obren aurkezpenarekin eman ziren. Hasierako urte horietako kontzertuak Jesús Guridi Talde Instrumentalaren inplikazioari esker egin ziren. Taldea musika garaikidean espezializatua zen eta Juanjo Menak zuzendu zuen aipatutako talde hori. Talde horrek garai horretako konpositore anitzen obrak estreinatu zituen, Zuriñe Gerenabarrena, Antonio Lauzurika, Francisco Ibáñez Iribarría, Alfonso García de la Torre, Julio García, Gabriel Erkoreka, Guillermo Lauzurika eta beste batzuenak alegia.

Laurogeita hamarreko hamarkadaren lehenengo erdian Kontserbatorioan zenbait kontzertu eta jarduera burutu ziren egin berriko musika sorkuntzen inguruan eta mundu luze-zabaleko zenbait konpositorek eta interpretek parte hartu zuten. Modu horretan finkatu ziren Musika Elektroakustikoko Jardunaldiak eta 1994. urtean beste ikuskizun bat sortu zen, XX. Mendeko Musikako Zikloa alegia; bi horiek, urteak joan ahala, kultura gertakizun garrantzitsu bihurtu ziren. Jesús Guridi Kontserbatorioko Areto Nagusia bi jaialdi garrantzitsu horien eszenatoki bilakatu zen: akustika bikaina duen auditorioa da, teknologiarekin hornituta dago eta musika elektroakustikoko kontzertuetarako Laborategiaren laguntza du. Konpositoreen beste belaunaldi batek eremu horretan egin zuen lan: Ana Barrio, Myriam Alonso de Armiño, Marian Gutiérrez, Virginia Mauleón, Ignacio Monterrubio, Sergio Gutiérrez, Enrique Vazquez, Israel Ruiz de Infante, Iker Ruiz de Alegría, etab.

Musika Elektroakustikoko Jardunaldiek aurrera jarraitu zuten eta honako helburu hauek zituzten: hirira irekitzea eta beste erakunde, ikastetxe eta kultura entitate batzuekiko lankidetza. Horrela bada, publikoarekiko elkarreraginerako beste eremu batzuk sortu ziren zenbait entitateren laguntzari esker: Vital Kutxa Fundazioa, Montehermoso Kulturunea, Artium- Arte Garaikideko Zentro Museoa, Euskal Herriko Unibertsitate, Arte eta Lanbide Eskola, Arteko Goi Eskola, Eusko Ikaskuntza, etab. Berriz ere, beste jarduera paralelo batzuk egin ziren, entzuleei obra berriak eta musikara aplikatutako berrikuntza teknologikoak ezagutzera emateko: kontzertuak, entzunaldiak, konferentziak, soinu instalazioak, bideo proiekzioak, tailerrak, ateak zabaltzeko jardunaldia, etab.

Laborategiak 2001etik 2006ra bitartean Vitoria-Gasteizko Montehermoso Kulturunearekin batera lan egin zuen VTV Jaialdian eta Musika Garaikideko Joera Berrien Zikloan. Jarduera heterogeneo anitz burutu ziren estilo-korronte ezberdinak bilduko zituen topagune izateko helburuarekin, honako estilo-korronte hauek, besteak beste: elektroakustika, multimedia, bideoa, dantza, performance, etab. Gainera, 2004. urtean, XX. Mendeko Musikaren Zikloak beste helburu batzuk gain hartu zituen eta Carmelo Bernaola Nazioarteko Musika Jaialdia izena hartu zuen konpositore horren jaiotzaren 75. urteurrena zela-eta. Horrela bada, bihotzeko omenaldia egin zitzaion konpositore bikain eta maisu horri; konpositoreak interes berezia jarri zuen gaur egungo musika zabaltzeko eta, bereziki, Kontserbatorioaren hezkuntza eremuan. Aldi berean, omenaldi horren bidez, konpositoreen eta interpreteen belaunaldi baten zuzendari eta maisu moduan hark egindako lana onartu zen. Jaialdiak, hurrengo edizioetan, haren lan filosofia hartu zuen: hiriaren kultura bizitza sustatuko dituzten jarduerak programatzea eta inguruneari gure garaiko musika sakon ezagutzeko aukera ematea lehen mailako interpretazio batzuen bidez.

2005etik Laborategiak harreman estua finkatu zuen Espacio Sinkrorekin; diziplina anitzeko talde berri honek Jesús Guridi Talde Instrumentalaren txanda hartuko zuen. Lankidetza horren arabera, zenbait kontzertu, ikastaro, tailer, mintegi eta konferentzi antolatu ziren eta gaur egungo musikaren ekoizpenean eta zabalkuntzan aditu diren konpositore, interprete eta teknikari batzuek parte hartu zuten ikuskizun horietan. Halaber, zenbait musika-esperimentazio arlo landu ziren, antzeko ezaugarriak dituzten erakunde batzuekin egindako trukearen ondorioz; horretarako, zenbait kultur erakunderi topaketarako eta eztabaidarako beste leku batzuk sor zitzaten proposatu zitzaien. Aldi berean, beste bultzada bat eman zitzaien talde instrumentalari eta Musika Elektroakustikoko Jardunaldiei; azken hauek Sinkro Jaialdia izena hartu zuten. Ensemble Espacio Sinkro ere sortu zen; talde hori aditu da gaur egungo musika sorkuntzan aplikatzen diren teknologia berrien esparruan.

Laborategitik eta Espacio Sinkrotik beste proiektu batzuk sortu ziren: Sinkro Records (diskografia zigilua), Akusma (musika akustikoko proiektuak), Sirius (zuzeneko musika elektronikoa beste arte diziplina batzuekin batera, dantza, bideoa, eta pintura, besteak beste), etab. Gainera, parte hartzeko eta sortzeko beste bide batzuk sortu ziren entitate eta erakunde garrantzitsu batzuen lankidetzarekin, KREA Adierazpen Garaikidea kultura zentroarena, adibidez.