Vitoria-Gasteizeko Musika Eskolako Areto Nagusian CARMELO BERNAOLA NAZIOARTEKO MUSIKA JAIALDIAREN laugarren edizioa egingo da; musika jaialdi horrek gure garaiko musikarekiko konpromiso handia dauka. Hainbat kontzertu daude programatuta eta, kontzertu horietan, nazioarte mailako interpretatzaile ospetsuek parte hartuko dute. Eskainitako lanek gaur egungo musikaren aniztasuna erakutsiko digute.
Daniel Kientzy nazioarteko artistak emango dio hasiera jaialdiari; artista honek 30 urtez harreman kutuna izan du Errumaniako musika-sortzaileekin, eta gainera urte horietan mundu luze-zabalean gure herrialdeko musika erakutsi du. Jaialdi honetan promoZICA [+ info] proposatuko digu, biolaz, elektronikaz eta saxofoiez sortutako hirukote berezia alegia.
Holandako AXYZ ENSEMBLE [+ info] gaur egungo talde instrumental berrienetako bat da. Kontzertuetan soinu eta teknika erritmiko berri batzuk aztertuko ditu, munduko musikak gain hartzen dituen diziplina anitzeko proiektu batzuen bitartez. Bere "Rhytmical Journeys" proiektuak gaur egungo musika-erritmoaren beste ikuspuntu bat aurkeztuko digu, Indiako hegoaldeko ikuspuntu ez-mendebaldarra, hain zuzen.
ENSEMBLE ESPACIO SINKRO [+ info] izango da hirugarren kontzertuaren protagonista; jaialdirako bereziki egindako programa berri aurkeztuko du: "Música y Matemáticas". Programa horren bidez omenaldia egingo die Francisco Guerrero musikagileari (1951-1997) eta Miguel Ángel Guillén ingeniariari (1962-2007), musika-sorkuntzan aplikatutako metodologia zientifikoaren eredu baitira. Kontzertuak bere gain hartuko du, halaber, Carlos Satuéren lanaren erabateko estreinaldia.
Finlandiako Meta4 [+ info] laukotea une honetako garrantzitsuenetakotzat hartzen da. Bere ibilbide motz baina bizian nazioarteko ganbera-musikako hainbat sari garrantzitsu lortu ditu, eta gainera munduko areto nagusietan jo du. Aukeratu dituen obren bidez, ondo erakusten digu azken ehun urteetan hari-laukoteentzat idatzitakoaren bilakaera.
Jaialdia 2d'Lyres [+ info] talde instrumentalak itxiko du. Talde hori Frantziakoa da, eta lehen aldiz etorri da gure herrialdera. Kontzertu berezia eskainiko du, eta, kontzertu horretan, gaur egungo musikaren, elektroakustikaren, inprobisazioaren eta elektrojazzaren elementuak uztartuko ditu.